Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Mundakan surfean

mikitaimar07 — 2007-10-22 GTM 0 @ 23:05

Bobby MartinezAparteko eguna izan zen urriaren 14-a. Aurkezpenekin hara eta hona ibili naizenez gero, ez dut orain arte domeka hartan gertatutrakoari buruz ezer idatzi. Baina jada garaia zen Mundakako Billabong Pro-ari buruz berba egiteko, are gehiago bertara hurbiltzeko aukera izan nuelako orain dela astebete.

Zerua oskarbi eta giro epela hondartzan, egun aproposa izan zen Euskal Herriko surfaren paradisua den Mundakara abiatzeko. Bertan Billabong Pro Txapelketaren fase finala ikusi nuen gazte askoren artean, agerian baitzegoen surfa gogoko duten euskaldun guztiak hantxe bildu zirela. Kirol honen zale amorratua ez banaiz ere, edonork txundituta utzi dezake Kelly Slater bezalako aquaman batek; nahiz eta hau irabazle ez izan, Bobby Martinez estatubatuarra baizik.

Jardunaldien ostean, koadrilakoek elkarrekin sartu ginen uretara olatu batzuk hartzera. Halere ura ez zegoen bainurik hartzeko moduan eta horren ostean mukuzapia patrikan eraman behar izan dut aste honetan.

25 urteko azken barrikada

mikitaimar07 — 2007-10-22 GTM 0 @ 21:22

dsc02272.JPG

Durangoko gauetako haize hotza gure aurpegitan gogor jotzen bazuen ere, bero ziren gure erraiak. Gitarra zahar baten lehen akordean entzutean berotu zitzaizkigun zainak. Musikarien erloju atzeratuetan, hasteko ordua markatzen zuten orratzek. Puntualtasunak ez zuen inporta gau hartan.

3 ordu barru, lasai irten ginen denok; sartu bezala, baina katxeo barik oraingo honetan. Gure artean komentariorik ez zen entzuten. Baliteke entzun beharreko guztia entzuna izatea jada. Más vale que sobre, que no que falte esan zuten batzuk. Bueno, agurrak luzeak izaten dira normalean. Kontzertu luzeak eskaini izan ditu BARRICADAk azken urte honetan, taldearen 25. urteurrena ospatuz. Saldu zuten saldu beharreko guztia, musutruk gainera. Eta azokarik ez zen egon.

Durango aukeratu zuten azken agurrerako, orain dela urte batzuk bezala. Presente egoteko aukera izan genuenok agurtu genituen behin eta berriro. Txalotu ere bai. Gau on bat hasteko modu ona izan zen larunbatekoa. Nire partez, behintzat, eskerrik asko eta laster arte.

Unibertsitatean, Kepa.

mikitaimar07 — 2007-10-22 GTM 0 @ 21:19

Eguerdiko 12:00etan klase genuen. Baina Unibertsitateko Kultura programak, piperra egiteko aukera paregabea eskaini zigun Asteazkenean: Kepa Junkeraren debaldeko kontzertua. Barkamena eskatu behar diot, edo EHUko kultura sailak eskatu beharko lioke, ordu horretan klase zuten irakasle denei. Ez bakarrik euren klaseetara hurbildu ez ziren ikasleongatik, baizik eta kontzertura joateko irrikan zeuden eta klase ematen geratu behar zirenei ere.

Trikitixa notak izan dira PIKOMBA taldean inspirazio. Keparen trikitixa notak batez ere. Honek sortutako musika dena, jeneralean. Horregatik, klase pare batetara ez joateak merezi zuen oraingo honetan. Era hurbil batean musika entzuteko aukera izan genuen gainera. Honelako ekintzak unibertsitatean bertan edukitzea, pribilegio handia da.

Argazkiak, reflex analogiko batekin atera nituen. Orduan, itxaron beharko duzue txirrika bukatu, argazkiak inprimatu eta argazkiak scaneatzen ditudan bitartean. Saiatuko naiz ahalik eta azkarren eskegitzen argazkiak. Barkamenak, benetan.

Karimari buruz...

mikitaimar07 — 2007-10-15 GTM 0 @ 23:27

Arte Ederren FakultateaKarima nire egun grisak alaitzen dituen neskatxa da. Orain dela bi urte ezagutu nuen, gidabaimenaren azterketa teorikoa nirekin batera egin zuelako. Egia esan, oso klase gutxitara joan nintzen eta autoeskolan ez nuen inoiz ikusi. Biok azterketa eredu berdina egin behar izan genuen, eta horrek eman zigun elkarrekin berba egiteko aukera.

Egia esan, horixe izan da elkarrekin benetan hitz egin dugun aldi bakarra. Beste birritan elkartrukatu ditugu berba pare bat edo, garrantzi handirik izan ez dutenak. Unibertsitaterako aurre-matrikula egin genuen eguna, horietako bat izan zen. Medikuntza ikasi nahi nuen, baina nota altuegia eskatzen zuten. Horregatik, beste karrera bat hautatu nuen. Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko bat. Karimak Arte Ederrak ikasiko zituen Unibertsitate berean. Beraz, elkar ikusteko aukera izango genuela pentsatu nuen. Honek alaitu ninduen, karreraren berri txarra jaso eta gero.

Orain, egunero bera ikustearen esperantza daukat, campusean edonon. Askotan ere, bere fakultatera hurbiltzen naiz. Elkar agurtu eta aurrera jarraitzen dugu, baina nire bihotzaren taupadak nabari daitezke nire bularretik kanpo.

PIKOMBA

mikitaimar07 — 2007-10-15 GTM 0 @ 21:50

Ez dauka esanahi jakinik, behintzat nik ezagutzen ditudan hizkuntzetan. Bat-batean asmatu genuen talderako izen xelebre hau. Entsegu bateko ohiko deskantsuan, gutako norbaitek hitz arraro hau bota zuen. Erabat eragin izan zuen izen horrek gure musikan, nire ustez behintzat. 

Nahiko talde kuriosoa da gurea. Musika estiloa definitzea zaila litzateke, baita musikaririk adituenentzat ere. Helburu bakarra musika egiten ondo pasatzea da. Gure letretan gauza asko kontatzen ditugu, gai eta istorio desberdinak jorratzea gustoko dugu. Halere, hitzetan baino, melodietan oinarritzen gara, gure mezu propioa eraikiz.

Orain dela zazpi hilabete batu ginen herriko lagunok, hobby bezala hasi eta pixkanaka-pixkanaka gero eta interes handiagoa piztu zaigu. Asko gelditzen zaigu oraindik ikasteko baina agerian dago jendeak aurrera segitzea nahi duela.

Gure helburua, datorren astetan abestitxoren bat grabatu eta ingurutik zabaltzea da. Ea denborarik daukagun, eta hementxe eskegitzen dugun zeozer, zeuek entzun dezazuen.

Pikomba

Unibertsitateko kontuak

mikitaimar07 — 2007-10-15 GTM 0 @ 21:00

Giza zientzien fakultatea (Leioa)Lehen sarrera irakurri baino lehen, oraindik norbait irakurtzen jarraitu nahi badu, uste dut beharrezkoa dela nire buruaz zeozer azaltzea. Gaur egun, ezinbestekoa dugu jakitea zer irakurtzen dugun. Batez ere, internet mundu birtual honetan, edonork publikatzeko erraztasun handia daukalako. Hobe, zeuek edo zeuk izatea honetan lehen adjektiboak ipintzen dituena, horregatik, nire burua deskribatu baino, nire gaurko egoera kontatuko dizuet labur-labur:

Leioako Unibertsitateko ikaslea naizenez, egunero autobusez edo metro eta autobusez igotzen naiz bertara. Askotan luzeegia dirudi bidaia, batez ere jendez gainezka doanean autobusa. Horregatik, batzutan nahiago dut metroz heldu Leioara eta BUSa hartu gero berton. Bidaiaren tartean jende bitxia topàtzen dut egunez egun, beraz, batzutan kontu hauetaz mintzatuko naiz ere.

Askotan bidaia luzeek, merezi duen zerbaiterako balio dute. Izan ere, nahiko giro atsegina dago gure fakultatean. Udaran eguzkipean etzateko larreak, eta neguko egunetan, kafetegi handi bat orduak bertan igarotzeko. Ezer gehiagorik nahi? Kafetegia aipatu berri dudanez, aurreratzen dizuet neu, ikasle askoren antzera, honetan eskoletan baino egun gehiago pasatzen ditudala. Jeje! Zintzo arituko naiz irakurleekin.

Oharra: Eskertuko nizueke komentarioren bat uztea, horrela askoz atseginago bihurtuko zen hau. Eskerrik asko!

 giza-zientzien-fak.jpg

Hasi baino lehen...

mikitaimar07 — 2007-10-15 GTM 0 @ 09:42 Tagak:

Ieup! Beno ba... Neu Pontxo "Pelos" naiz. 19 urteko tipo normala, nire ustez. Aimarrek eta Mikelek eskatu didate Blog honetan nire bizitzan ematen direnei buruz lerro batzuk idaztea astero. Euren ustez nire eguneroko istorioak interesgarriak izan daitezke. Egia da nahiko gauza xelebreak topa ditzakedala edonoiz eta edonon, eta haiei kontatzen dizkiedanean, beti animatzen naute egunkari batetan idaztera, edo nire bizitzaren inguruan liburuxka bat egitera. Orain, aukera hori daukadala, ez dut galduko. Nire barruko sentipenak, eguneroko kontuak, gorroto eta amodio istorioak... horiek denak topatuko dituzue Blog honetan. Nire burua ezagutzera eman baino gehiago, orain arte giltzapean gorde ditudan paranoia denak plazaratu nahiko nituzke hemen. Baina Blogak eta teknologia berri hauek denak, egunez-egun berritzen doazen horiek, ez dute horretarako denborarik. Horregaitik, saiatuko naiz saltsan dauden gaietan zentratzen, nire ikuspuntu eta, nire ustez ukaezina den, iritzia alde batera utzi barik.